XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Halako batean ume-ahotsa entzutea iruditu zitzaidan.

Burua altxatu eta hantxe zegoen sei bat urteko umemokoa dorrearen kanpo-eskailerak jaisten.

Bere atzetik, emakumezko gazte bat, beraren ama seguru asko, jarraitu zitzaion.

Umeak, urpekontziaren bizkarretik txalupa barrura jauzi egin zuen algara artean.

Emakumeari txaluparatzen laguntzeko eskua luzatu nionean Danke esan zidan, bere aurpegi biribiltsuan irribarre bat markatu zelarik.

Sokak askatu, urpekontzitik urrundu eta gure ontzira itzuli ondoren, laster baino azkarrago martxan jarri ginen berriro.

Hego ekialdeko bidea hartu genuen orduan.

Hego Ameriketara gindoazen itxuraz.

Emakumea eta umea kapitainaren ondoko kabina batean jarri zituzten.

Bidaian zehar oso gutxitan atera ziren bizkarrera.

Beren kaxa ibili ziren.

Ozeanoaren erdian izandako topaketa haren ondoren, urpekontzi alemaniarrei buruzko kezkak uxatu zitzaizkidan.

Kezka berriak nituen, orduan.

Zein demontre ote ziren emakumea eta umea horrelako lanak hartzeko?

Galderarik ez nuen egin noski, tiburoien jatena ez bainuen izan gura.

Galderarik ez egiteko ordaintzen zidaten, gainera.

Egun batzuk geroago, Brasilgo kostaldera iritsi ginen, Sao Francisco ibaiaren bokalearen ingurura.

Brasilgo eskumeneko uretan sartu baino lehenago pairuan jarri ginen.

Kostaldea, horizonte urdinean marraztutako lerro ilun moduan ikusten genuen.

Arratsean, lehorreko haizeak bultzaturik belazko arrantzontzi bat hurreratu zitzaigun.

Kode-seinaleak trukatu ostean, Wô*lherrek txalupa uretara botatzeko agindu zuen.

Ondoren, emakumezkoa, umea eta beren fardeleria arratzontzira transferitu genituen.

Arrantzontzia azkar urrundu zen.

Guk aingurak bildu eta iparraldeko bidea hartu genuen kostaldetik urrundu gabe Rezifeko porturaino.

Portuan ez genuen denbora luzerik egin, erregaiandelak bete eta, bidaia justifikatzeko edo, sotoa zur tropikalez kargatu.